XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

XIX. mendea. Mogel - Bilintx - Elizanburu - Arrese Beitia - Txomin Agirre

XIX. mendeko Erromantizismoak Rousseau eta beste batzuen eraginez arreta berezia eskaini zion herrian sustraituriko kulturari, ideologiak kutsatu gabeko berezko ohitura eta hizkuntzei, alegia. Joera horrek mesede egin zion euskal literaturari, ikusiko dugunez.

Aurreko ikastunitateetan bezala, idazle hauen testu zenbait irakurtzeari ekingo diogu, sarrera labur bat egin eta gero.

Ohiko ariketa batzuk ere egingo ditugu, testua ulertzea aberatsagoa izan dadin, eta, bukatzeko, Erromantizismoaren ezaugarri nagusiak azpimarratzen saiatuko gara.

1. Kokagunea

Esan bezala, herrian sustraitutako kultura literaturaren iturri bihurtzeak bi norabidetan izan zuen eragin zuzena:

- Prosan, Peru Abarka idatzi zuen J. Antonio Mogel eibartarrak (1745-1804).

Liburu honek, orduko ideologiari jarraituz, euskal baserritarraren bizimodua goraipatzen du; hiritarrak, aldiz, beren euskara bezala, motelduta gelditu direla ematen du aditzera. Gizartean, alegia, onak, alde batetik, eta gaiztoak, bestetik, bereizteko joera agertzen du idazle honek

- Poesiak, bere aldetik, benetako loraldia ezagutu zuen mendearen bigarren zatian. D'Abbadiek antolaturiko Lore Jokoek izan zuten, dudarik gabe, beren eragina.

Esan behar da, hala ere, ez dugula aurkitzen oparotasun honetan goi-mailako poemarik; hori bai, ondo jorratu zitzaien bidea gero etorriko zirenei: poesia lantzen zuen jende-kopurua ugaritu egin zen Lore Jokoei esker, eta, bestalde, beste hainbat genero berriri zabaldu zitzaizkion euskararen ateak (kazetaritza, antzerkigintza, eleberria).

Eleberrigileen artean, ezin da Txomin Agirre aipatu gabe utzi.

Bere Auñamendiko Lorea (1898) jotzen dute askok euskal lehen eleberri modura, baina ospe handiagoa lortu zuten :bere beste bi nobelek: Garoa-k eta Kresala-k.

Poesiari dagokionez, bestalde, poeta batzuk politikari lotuagoak daude (Hiribarren, Iparragirre, Arrese Beitia); beste batzuk, aldiz, naturan edo/eta sentimenduetan gehiago zentratzen dira (Bilintx, Elizanburu).